Intimista, pausatua eta barea, sakona eta era
berean lebitatzailea, emozioen ertzak
kilimatu eta leuntzen dituen lan biribila da
Pause. Atmosferak sortzen dituzten diskoez
ari garenean (soinu bandekin gertatu ohi da
sarri), amaitu gabe dagoen alboko melodiaren
susmoa piztu ohi zaigu usu: aditz laguntzailea
besterik ez ote da musika? Kasu bakan
batzuetan, aldiz, delako atmosfera hori
urrundu egiten da atrezzo soiletik eta gure
arretaren erdigunean ipintzen da: lanbroz
ehundutako animo egoera horiek inguratu eta
gatibatu egiten gaituzte oharkabean, eta jada
ez dugu giro horretatik irten nahi. Horixe da
Xabier Zeberioren lan honen kasua; goizalbako
esnatze baten lurruna, penarik gabeko
malenkonia, aireportu mortuko denbora
esekia. Datorren egunari aurre egin edo
joandakoari buruz hausnartzeko tenorea
dakarten doinuak. Trikimailurik gabeko
zirrara. Aitor Etxebarriaren lemak behelainoz
bildutako bibrazioa eman dio ontziari. Iñar
Sastreren pianoak seinalatu eta askatu egin
ditu kostaldeko paisajearen korapiloak.
Liam Ò Maonlaíren ahotsak alegietakoa
dirudien kantu eternala oparitu digu, edozein
Ulisesek porturatzean entzun nahiko lukeen
aire hunkigarria. Zeberioren nyckelharpak eta
biolinak hustuketa oteizarra egin diote kasik
Alos Quartet-ekin egindako lanari.
Zer pentsa ematen du “nordiko” adjektiboak
gure artean azken urteotan egin duen bide
arrakastatsuak. Baina ulertzen ote dugu
benetan “nordiko” hitzaren esanahia?
Gardentasun kalbinista, minimalismo soila,
erabilgarria bada ederra dela, apaingarriei
uko egin behar zaiela… Irudiz gainezkatutako
gure kultura katolikoaren kontrakoa den oro,
alegia. Bolumenei begiratu beharrean espazio
hutsei erreparatu eta hutsuneak habitagarri
eta isiluneak pentsagarri bihurtzea bada
nordiko izatea, esan liteke baietz, Xabier
Zeberioren honek fiordoan egin duela bere
pausaldiko habia.
Habiarik gabe ez baitago abiatzerik. Eta
zenbat eta goxoagoa habia, orduan eta
adierazgarriagoa hegaldia.
Harkaitz Cano